miércoles, 10 de diciembre de 2014

Blogaren hirugarren sarrera (2014ko urriaren 26a.)

«Emozioak eragiten dira ipuinekin, ni barrea sortzen saiatzen naiz»
Gaurko sarreran, emozioak eta irakurketari buruzko elkarrizketa oso interesgarri bat laburbilduko dut
2014/02/24
Nori: Mertxe Aizpurua (Ordizia, 1967).
Nolatan hasi zinen Ordiziako liburutegian ipuin kontaketak egiten?
Aurretik beste neska batek egiten zituen eta erreleboa hartzeko prest ote nengoen galdetzeko deitu ninduten. Aukera paregabea zela pentsatu nuen. Bertigo pixka bat ere sentitu nuen, izan ere, haurrak publiko zorrotza eta oso naturala dira.
Urte osoan aritzen al zara astean behin liburutegian ipuinak kontatzen?
Kontaketa gehienak negu partean egiten ditugu. Urrian hasi eta apirila bitartean izaten dira, astean behin.
Lau eta bederatzi urte arteko haurrentzako kontaketak dira, baina adin tarte bitxia da, lehenengo haurtzaroa eta bigarrena nahasten dituelako.
Datozen haurrak gero eta txikiagoak dira. Nagusiagoak ez datoz txikien aldean etortzeko handiegiak direla uste dutelako. Adin tarte hori jarri zen bere garaian, baina, agian, eskariaren arabera doitu egin beharko dugu.
Saioak ere doazen umeen arabera moldatzen al dituzu?
Bai, noski. Saioetara datozen haurren ezaugarrien arabera prestatutako ipuinak moldatzen ditut.
Zein da kontaketaren dinamika? Mozorrotzen al zara? Maletarik edo antzekorik ba al daramazu?
Ni ez naiz mozorrotzen, haurrak atera, eta poltsa laranja handi batetik hartzen ditudan objektuekin mozorrotzen ditut: ileorde edo pelukak, kapelak, loreak… Ipuinekin zerikusia duen edozer gauza ateratzen dut. Haurrek poltsa ikusi, eta badakite ipuina dagoela.
Nola prestatzen duzu kontaketa bakoitza?
Nik ipuin bat prestatzen dut eta datozen haurren arabera inprobisatu egiten dut, moldatu, alegia.
Nola?
Hizkuntza eta keinuak aldatzen ditut. Horiek dira, hain zuzen, ipuin kontaketaren giltzarri nagusiak. Ahots tonuen, keinuen eta esaeren bitartez haurra ipuinaren mundura gonbidatzen duzu. Gure kontaketetara datozen umeak berdinak izaten dira luzaroan, eta beren eboluzioa gertutik ikusten dut. Edozein kasutan, lehen aldiz ateratzen direnean lotsatuta ikusten ditut, eta kontaketa gehiagotara datozen heinean, denek eskua altxatzen dute erdira ateratzeko. Niri haurrak kontakizunaren parte izatea gustatzen zait; horregatik, ipuinak beti formula berarekin amaitzen ditut: orain txalo bero bat zuentzat, eta beste bat niretzat.
Eta ipuinak nola aukeratzen dituzu?
Ipuin bat kontatzeko hogei bat irakurtzen ditut. Inoiz ez dut irakurritako ipuin bat bere horretan kontatu, moldatu egiten ditut. Pertsonaiak aldatzen ditut eta berriak sartu edota bukaerak nire beharretara egokitzen ditut.
Aurretik esan duzu ipuina gustuko ez badute aspertu egiten direla. Ez da erraza izango denen gustuko ipuina kontatzea, ezta?
Amaieran ea gustatu zaien galdetzen diet. Inoiz batzuek asko gustatu zaiela eta beste batzuek batere ez zaiela gustatu esan izan didate. Ipuin bat denen gustukoa izatea oso zaila da.
Zuri zer ematen dizu ipuin kontalari jardutea?
Umeekin hartu emanean egotea etengabean; asko erakusten didate. Emozioak eragiten dira ipuinekin, ni barrea sortzen  saiatzen naiz; hori da gainera gehien betetzen nauena, haurren barrea entzutea.
Zein da zure ipuin faboritoa?
Beldurra zer zen jakitera joan zen baten ipuina.
Kontatuko zenuke?
Gazte batek ez daki beldurra zer den. Gaztelu sorgindu batean hiru gau egiten baditu, erregeak bere alaba ezagutzeko aukera emango dio. Ez du beldurrik pasatzen, alaba ezagutu eta maitemindu egiten dira. Neskak haurdun dagoela esaten dionean gazteak beldurra zer den ezagutzen du lehenengo aldiz; aita ona izango ote da?


No hay comentarios:

Publicar un comentario